GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIAn agertuta, 2002ko apirilaren 4a.
Euskadi Ta Askatasunaren agiria Euskal
Herriari
ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, honoko adierazpen hau helarazi nahi dio Euskal Herriari:
2002ko Aberri Egunaren inguruan abertzaleen eta are ezker abertzaleko indar politikoen artean sortutako egoera guztiz gaitzesgarria da, gure aburuz. Aspaldian ez bezalako egoera mingarria sortu da abertzaleon artean, noiz eta Aberri Egunean.
Norberak bere ardura eta erantzukizuna duela saihestezina da. Guk gurea guztiz onartu eta geureganatzen dugu. Gure asmoa urtez urte Aberri Eguna ahalik eta bateratuena egitearen aldeko ekimena bultzatzea izan da. Horretarako, gure agiriaz gain, azkenaldi luzean Euskadi Ta Askatasunak barneko deialdiaren bidez Aberri Egun bateratuaren aldeko bidea hartu du ahalezko izan denetan, eta bestetan, ezker abertzaleak egindako deialdietan parte hartu izan dugu.
Iragan berri den Aberri Egun honetan gertatutakoa, aldiz, lotsagarritzat jotzen dugu. Eta gertatu denak gutxienik etorkizun hurbilean ondorio kaxkarrak izanen ditu Euskal Herriaren askapen borrokan.
Zer da gertatu dena, bada? AB koalizioak eta Aralar Taldeak ezker abertzalearen zatiketa eszenifikatu nahi izan dutela Aberri Egunaren testuinguruan, eta, gainera, Euskal Herriaren defentsan Euskadi Ta Askatasunak erabiltzen duen borroka armatua zatiketa horren mugarri-aitzakia gisa erabiliz.
Horretarako, urtetako borrokaren bidez eskuratu eta gizarteratutako kontzeptuak eta esparruak alderdikoiki erabili dituzte, batzeko ordez banatzeko, biltzeko ordez aurrebaldintzaz sailkatzeko, dinamika exkluienteak ezarriz. Lizarratik Garazirako martxatik hasi eta Donibane-Garaziko Aberri Eguneraino, "Indarrak uztartzen zubiak eraikitzen" manifesturaino, AB eta Aralarko "estrategek" ezker abertzalearen eta oro har Euskal Herriaren defentsan ari diren herritar eta antolakundeen aurka Espainia eta Frantziako Estatuek aspaldian ez bezalako erasoa antolatu eta burutzen ari direnean, "demokrata/biolento" zatiketa gezurti eta ma- nikeoaren bertsio berria gizarteratu nahi izan dute, "ezker abertzale demokratikoa" eta "ezker abertzale biolentoa"ren zatiketa faltsua erakutsiz.
"Indarrak uztartzen eta zubiak eraikitzen" ez ezik, azken urteotan kontu handiz, erru eta hanka sartzeekin dudarik gabe, abertzale eta ezkertiarron artean eraikitako bateratzea xehatzen ari dira manifestu horren sinatzaileak, eta beren ekimenaren isilpekotasunak eta aurreiritziz beteak horrelaxe adierazten du: indarrak banatzen eta zubiak botatzen ari dira Aralar, AB, Zutik eta Batzarrekoak.
Tamalez, ezker abertzalearen historiak ongi erakutsia zigun gaur egun talde, koalizio eta kolektibo horietan dabiltzanek duten ezaugarri komuna horixe dela, zatiketa eta taldekerian aritzea, bestek batasunaren izenean norberaren ezaugarri eta iritziak bazterrera uzteko ariketa iraultzailean aritu eta hezi izan direnean.
"Anti-batasuna"ren frontean bildu diren horiek, Euskal Herriaren historiaren bidegurutze honetan, aberriaren alde guztia ematen ari direnei bizkar eman eta Euskal Herriaren etsaiei beren eraso gupidagaberako bide ematea hautatu dute. Lan zikin horretarako, ezker abertzalearen eta are euskal gizartearen ondare bilakatu diren aldarriak bereganatuz eta itxuraldatuz: Lizarra-Garazi mami hustuz eta lurperatzen saiatuz, eman hitza herriari eskaera norabide okerrean ezarriz, besteak beste.
AB koalizioak, Aralar Taldeak, eta Batzarre eta Zutik kolektiboek Aberri Egunaren atarian abiarazitako ekimen lotsagarria salatu beharrean gaude, beraz. Euskal Herriak jasaten duen errepresio basatiaren aurrean beren elkartze puntua ETAri menia eskatzea izatea mingarria, lotsagarria eta salagarria da. Eta are gehiago Aberri Egun batean! Euskal Herria militarki, kulturalki, sozialki eta ekonomikoki herri zanpatua dela nahita ahanztea da hori, edozein herrik bere burua ahal duen eta eskura dituen bide guztiak erabiliz defendatzeko eskubidea zangopilatzea da hori.
Eta, gainera, iruzur egitea da. "Soberaniaren aldeko prozesu ez armatu" baten abiatzearen aurrebaldintza gisa ETAren meniaren exijentzia eta indar abertzale eta demokratikoen arteko elkarlanaren exijentzia ezartzea gurdia idiaren aurretik paratzea, eta norberaren ezinen kulpak eta etorkizuneko porrotak aurrez besteri egoztea iruzur egitea baita.
Euskal herritarren torturaren arduradunekin bat egin, Estatuen errepresioaren aurrean begiak itxi edota errepresio horrek zigortua dagoenari on egingo diola esatea, Estatu faxistaren atzaparra ezker abertzalearen zintzurrean tinko heldua dagoen honetan, horrelako urrats taktikoa egitea saldukeria da.
Amaiurren Euskal Herria armak eskutan defendatuz ondoko belaunaldiei duintasun eta maitasunezko herentzia utzi dietenei, Euskal Herria armaz zanpatua dagoenean, borroka armatua alde batera uztearen deia irain larria da.
"Jokaldi" horrekin, ezker abertzalearen baitan zatiketa eragin, eta bide itsuan abiarazi nahi dituzte ezkertiar eta abertzaleak, PNVri bere Espainiarekiko itun berriturako ezinbesteko duen txeke zuria eta gain saria eskainiz. Zeren trukean?
Euskal Herriak Espainia eta Frantziaren aldetik jasaten duen zanpaketa sakona da, eta horren neurrikoak dira euskal herritarren bake nahi sakona eta zanpaketa egoera hori gainditzearen alde borroka egin eta Euskal Herriaren alde guztia emateko prest gauden herritarron grina eta prestutasuna.
Egoera ez da gozoa eta mozorroa kenduta dabiltzan Estatuak eraso gupidagabean dabilzkigu, baina asko da aurreratu duguna, horrexegatik dabiltza mozorro gabe, ezinean. Eta egoera hau ere gaindituko dugu eta orduan gure lorpenak hurbilago izanen ditugu, artez lan eta borroka egiten badugu, noski.
Euskal Herria nazioarteko agendan dago, ez soilik euskal herritar eta antolakundeak "terroristen" nazioarteko zerrendetan sartu dituztelako, baizik eta Europako nazio zaharrena azken mendetan zanpaturik baina bizirik, indartsu eta aukeraz beterik iritsi delako XXI. mendera.
Askatasuna eskura dugu, hartu egin behar, baina askatasunaren ardura gure gain hartu behar dugu, eta ez da ardura makala, ahanztuxea dugu, gainera, euskal herritarrok hori zer den... Euskal herritarrok beldurra gainditu eta nork bere ahalen arabera eta ongien irizten dion sail eta arlotan Euskal Herriaren aldeko defentsa eta eraikuntza lanetan tinko eta gogotsu aritzeko garaia da. Euskal Herria Espainia eta Frantziarekin lotzen dituzten kateak hausteko garaia da, Euskal Herria itotzen duten sokak askatzeko garaia da, badago zer desegin, eta borroka horretan ez dago inor soberan, ez ahalmen gutxi duelako ez eta erabiltzen duen borroka moldeagatik.
Borroka antolatua eta eraginkorra egin behar dugu, hori bai, eta ezker abertzale antolatu eta batua da Euskal Herri askatu eta zuzen bat eskuratzeko bermerik behinena.
Bulego politikoen goxoan beren estrategiak eta taktikak antolatu edo ezker abertzalearen zatiketa eta banatzea besterik landu ez duten betiko notable eta politikeroen eskutik deus onik ez datorkigu. Ezkertiar eta abertzaleok badugu non bildu eta non borroka egin, aberatsa da eta ezker abertzalea borroka gune eta aukerak eskaintzen. Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde borrokan adorez segitzeko deia egiten diegu euskal herritarrei. Euskal Herriaren eskubideak defenda ditzagun, gurea defenda dezagun, lor dezagun eskubidez dagokiguna, borroka dezagun etsi gabe. Lotu borrokari, beraz, aurre egin etsaiari duintasunez eta tinkotasunez Euskal Herria askatzeko, eta bidean erortzen garenean, huts edo erru egiten dugulako... lepoan hartu eta segi aurrera!
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!.
2002ko Apirilaren 1ean
Euskadi Ta
Askatasuna
![]() |